“MANIFESTU NAZIONALISTA”: C. ULISES MOULINESEN IDAZLANAREN LABURPENA (2. ZATIA)

Argazkia: Corsica Libera

Publikatu genuen artikuluaren 1. zatia, hemen: https://www.naziogintza.eus/manifestu-nazionalista-ulises-moulinesen-idazlanaren-laburpena-1-zatia/

Laugarren atala: Etnia eta nazioa.

Atal hau gauzatzeko Moulinesek D. Levinsonen definizio bat hartzen du abiapuntutzat: “Nazio terminoak… erreferentzia egiten dio talde etniko bati… ekintza politikoa egiteko antolatu eta mobilizatu denari… Talde etniko bat talde bat da, eta kideek hizkuntza, erlijio, kultura, historia edo arrazan oinarritutako identitatearen eta elkartasunaren sentimendua partekatzen dute” (74. or.). (D. Levinson, Ethnic relations, 1994, 84. or.). Levinsonen nazio-kontzeptua etniaren azpian sartzen da. Zehazki, bi kontzeptuen arteko alde zehatza nazioak bereganatzen duen dimentsio politikoa da; izan ere, kultura garatuek, batez ere Mendebaldekoek, ez baitiete aitortzen inolako xede politikorik etnia bezala definitzen dituzten pertsona-talde horien antolakuntzari. Hori ez dago frogatuta, baina mendebaldarren irizpide horrek ondorio metodologiko jakina izan du zientzia-ikasketen banaketan: etnien ikasketa etnologian eta antropologian kokatu dute, normalean, eta nazioaren ikasketa soziologian eta politologian. Ildo horretan Levinsonek proposamen bat egiten du non etnia eta nazioa loturik agertzen diren: “Nazio arteko erlazioak, berezko zentzuan, etnien arteko erlazioak bailiran ulertu beharko lirateke, non etnia bakoitzak bere burua zaintzeko eta garatzeko programa politikoa duen… eta horretarako, benetako ‘Nazio Batuen Erakundea’ eduki beharko genuke”. (74-75. or.). Bestalde, Moulinesi ez zaio egokia iruditzen etniaren ordez “herri” terminoa erabiltzea; “herrien autodeterminazio-printzipioa”, adibidez, “etnien autodeterminazio-printzipioa” izan beharko zatekeen haren ustez, herri terminoa polisemikoa da-eta, beraz, zehazkabea berarentzat. Aldiz, “etnia terminoak eta haren mendeko ‘nazioak’ entitate politiko kultural autonomoak adierazten dituzte, ez dira bihurgarri beren oinarrizko osagai edo entitateetara, ez ontologikoki, ez epistemologikoki, hala nola, arraza, hizkuntza, erlijioa eta abar” (80. or.).

Moulinesek, bere jarrera azaltzeko, “Etnia eta Nazioen Mini-teoria bat” eraiki du, bederatzi puntutan, batzuetan nahasi samar agertzen dena.

1.- “Esperientziaren ‘abstrakzio’ maila batean atzemandako entitateak dira etniak” dio; eta segidan: “horrek, baina, ez du esan nahi etnia beste egiazko entitate batzuk bezain egiazkoa ez denik” (82. or.).

2.- “Gizadiaren bilakaera politiko, sozial eta kulturalaren zati handi bat etniek moldatzen dute”. Hori frogatzeko hizkuntzalaritzan bilatzen ditu analogiak, hizkuntzaren “egitura sakonak” eta “agerikoak” aipatuz: “hizkuntza da etnizitatearen azaleko eta sakoneko egituren artean lotura egiten duen ezaugarri nagusia… Era berean, fenomeno kultural eta politiko sakonek agerikoekin edo eskuragarrienekin duten lotura erka daiteke hizkuntzaren bidez” (82. or.). Berak hizkuntza aipatzen du, baina ildo bera jarraituz arkeologia sozio-kulturalaz ere hitz egin genezake; izan ere, hizkuntzan aztarna sakonak eta ertainak atzeman baditzakegu ere, gauza bera gerta daiteke gizartearen gainerako adierazpen-moldeetan eta antolakuntzetan, musikan edo foruen azterketetan, adibidez.

3.- “Une jakin batean dauden etnia guztiak ezin ditzakegu banan-banan modu enpirikoan aztertu…, baina, haien fenomeno-adierazpenez ditugun datuetatik abiatuz, haien ezaugarri funtsezkoenak muga ditzakegu metodo abduktiboaren bidez” (83. or.).

4.- “Etnien fenomeno-adierazpenek, gehienetan, ezaugarri kulturalak dituzte. Hala ere, kasu batzuetan, begi-bistakoak dira etniako gizabanakoen ezaugarri anatomikoen edo fisiologikoen artean dauden antzekotasunak” (83. or.)

5.- “Etnien fenomeno-zehaztapena ez da ia inoiz unibokoa… Etnia bateko kideek agertzen dituzten fenomeno-faktoreetatik bat bakarra ere ezin da onartu etnia horretakoa izateko ezinbesteko baldintzatzat, ezta nahikotzat ere; ezta hizkuntza ere, nahiz eta hori, oro har, oso garrantzitsua izan etniaren identitaterako” (84. or.). Faktore batzuen konbinazioa, edo kultura-adierazpen multzo bat izaten da normalean etnia baten nortasunaren oinarrian. Dena den, fenomeno guztiek ez daukate garrantzi bera etnia edo nazio baten eraikuntzan. Etniaren eremu edo testuinguru kultural eta politikoak bultza dezake etnia bat kultura-ezaugarri jakin bati edo beste bati garrantzia gehiago ala gutxiago ematera, beti ere bere iraupena bilatzen duelarik. “Etnia edo nazio bat batzuetan bere hizkuntzarengatik nabarmenduko da, beste batzuetan erlijioagatik, beste batzuetan hainbat ohitura edo tradizio estetikorengatik, eta beste kasu batzuetan lausoa izango da egoera baina ez gutxiago egiazkoa eta benetakoa den “mentalitate” edo “bizitzeko modua edo biziera” esaten diogun horregatik. Azkenik, badira ere ezaugarri anatomiko edo fisiologikoengatik nabarmentzen direnak edo horien guztien konbinazioagatik ezagutzen direnak (…). Edozein kasutan, hizkuntzaren garrantzia etnia edo nazio bakoitzak interpretatzen du bizi den unearen eta egoera sozio-kultural eta geopolitikoaren arabera” (85. or.) eta horrek, logikoa denez, eragina du egoera sozial eta politikoan. Bestalde, “hizkuntza ez da gizakien arteko komunikazio-tresna soilik…, hizkuntza, bereziki ama-hizkuntza, zerbait izatekotan, emozioa eta munduaren ikuskera bat adierazteko modua da. Hori garbi hauteman zuen nazionalismoaren teorialari handi Johann Gottfried Herderrek Gizateriaren Filosofiaren Historiarako Ideiak lanean, 1891n. “A priori hizkuntza bereko hiztunek, nahigabe, beren artean beste hiztunekin baino gehiago partekatzen dute bizitza” (86. or.). Edozein kasutan, salbuespenak salbu, hizkuntza galtzear duen etnia bat beti saiatzen da bere hizkuntza “berpizten”. Juduen kasua paradigmatikoa da ildo horretan, baina Flandria ere eredugarria da norabide berean, nahiz eta estaturik gabeko nazioa izan.

6.- “Etniak entitate genidentikoak dira: beren identitatea gordez aldatzen dira” (87. or.). Prozedura horri endokulturazioa ere deitzen zaio: komunitate bat aldatzen joaten da, eraberritzen joaten da, bere erroak galdu gabe. Eta bere identitate berrian nahasten dira kulturaren osagarri klasikoak eta berriak.

7.- Etniak muga sinkronikoak eta diakronikoak dituzten entitateak dira. Etnien eta organismo biologikoen arteko desberdintasun nagusia zera da: etnien eta nazioen jaiotzaren eta heriotzaren eremu geografikoaren kokatze zehatza organismo biologikoetan baino askoz ere zailagoa dela. Hori da ia entitate soziokultural guztiek elkarren artean duten ezaugarri komuna.

8.- Etniek hainbat kulturen pilatze-maila erakusten dute; hau da, etnia jakin bateko “azpietniak” (hizkuntzari dagokionez dialektoak, adibidez) edo “superetniak” (hizkuntzari dagokionez hizkuntza arautuak edo batuak, adibidez) badaudela egiazta daiteke.

9.- “Nazioek etnia mota bat osatzen dute: nazio guztiak etnia dira baina etnia guztiak ez dira nazio. Direnaz politikoki kontziente diren etniak dira nazioak; edo zehatzago esanda, beren identitatea gordetzeko ahaleginean programa politiko bat garatzen dutenean etniak nazio bihurtzen dira. Hortik ondorioztatzen da, etnientzat orokorki postulatu ditugun ezaugarri guztiak nazioei ere aplikatzen zaizkiela; haiei, alabaina, ezaugarri politikoa gehitzen zaie” (91. or.).

Labur esateko, Moulinesek proposatzen duen mini-teoriak zera aldarrikatzen du: nazioek errealitate sakonak eratzen dituztela Gizateriaren egitura soziokulturalean, historian errotzen direnak.

Bosgarren atala: Zergatik izan behar den nazionalista

Estatu-nazio burujabeen proiektuak ez dute denak berdinak izan beharrik: “Bere burua ongi zaintzeko eta garatzeko, etniak ohartaraz dezake autonomiaren halako dosi batekin nahikoa duela estatu multinazional baten barruan beste etnia batzuekin bizikidetza baketsuan bizitzen jarraitzeko. Hori, zalantzarik gabe, konponbide ezin hobea da. Hala ere, esan beharra dago, halako konponbide politiko-administratiboak nahiko gaizki funtzionatzen dutela kasu gehienetan, are, esan daiteke, batere ez dutela funtzionatzen” (96. or.). Europako estatu burujabe gehienak multietnikotzat hartu behar dira. Estatu horiek barnean dituzten etnia horietako batzuek autokontzientzia politikoa garatu dute eta egoera horretan jarraitzen badute estatuen inposizioagatik da. Horregatik, alderdikerietan murgilduta ez dagoen edozein begiralek onartu beharko luke etnia horiek nazio-estatu estatusa eduki beharko luketela; hori da ohiko ezinikusi, tirabira eta, are, indarkeria-ekintzekin amaitzeko bidea. Izan ere, munduan dauden estatu multietniko gehienak indarkeria ekintzen bidez lortu dute daukaten estatusa, eta etnien berenganatze horretan ez da ez kontsentsu ez adostasunik izan. Berenganatze hori gauzatu ondoren estatu-nazio hegemoniko horiek inposatu egin dizkiete gainerako nazioei beren politika, zuzenbide, hizkuntza, ekonomia, nazioarteko erlazio eta gainerakoak. Etnia horien onarpena justiziagatik izan daiteke, baina baita demokraziagatik ere, “Estatua, bera osatzen duten nazio guztiak maila berean tratatu ahal izateko beharrezkoak diren egitura politiko-juridikoak sortzeko gai ez bada, orduan, Estatuaren betebehar etiko-politikoa da etxetik joaten utz diezaion hori egin nahi duen nazioari” (100. or.). Edozein kasutan, “hemen defendatzen den programa nazionalistak inola ere ez du proposatzen nazio batek beste nazio batekiko jarrera bortitza eduki behar duenik. Ez dut uste puntu honetan hori gehiago azpimarratu behar denik” (102. or.). Hala ere, gai hori askotan erabiltzen denez nazio batzuei beren eskubideak ukatzeko, esan behar da ez direla gauza bera Hitlerren eta Gandhiren programa nazionalistak. “Argi eta garbi, reductio ab absurdum politikologikoa da hori. Gandhiren nazioak izateko eskubidea baduela baieztatzea, terminologia eta kontzeptuak zuzen erabiliz, nazionalismo gisa karakterizatzea komeni da. Aldiz, Hitlerrena, nazio izateko eskubidea ukatzen duena, izendatzeko, hitz egokia ez da nazionalismoa, baizik eta inperialismoa, arrazakeria edo zehatzago hegemonismoa. Benetako nazionalismoak nazio baten existentzia-eskubidea soilik galdegiten du, beste nazioekin maila berean; hegemonismoak, nazio batek beste nazio batzuk azpiratzeko edo errotik erauzteko eskubidea galdegiten du” (103. or.). Laburbilduta, Moulinesentzat “egokia den nazionalismo bakarra nazionalismo internazionalista da. Paradoxa bat ematen du eta argi eduki behar dugu horrekin zer esan nahi duen: nazio orok eskubidea du, baita eginbidea ere, ahal duen neurrian bere identitatea zaintzeko, gordetzeko; eta aldi berean, beste nazio batzuek berena zaintzeko errespetatu behar diren baldintzak errespetatzeko obligazioa du” (105. or.). “Lurralde beraren inguruan bi nazioen arteko gatazka geografikoa dagoenean, gainerako gatazka politiko, sozial, ekonomiko eta kulturaletan bezala, arazoa konpontzeko negoziazioa eta konpromisoa da irtenbidea: nazio baten interes legitimoek, direnak direla, ezin dezakete inoiz inplika beste nazio bat desagertzea edo azpian hartzea (…) Politika nazionalista baten egiazko etsaia ez da beste politika nazionalista bat. Nazionalismoaren benetako etsaia hegemonismoa da” (106. or.).

Urruntasunetik ohar batzuk Untxien Erresumaz

Moulinesek iruzkin interesgarri batzuk egiten ditu Espainiako estatuaz (Untxien Erresuma, behinola feniziarrek iberiar penintsulari eman omen zioten izena da). Lehen behaztopa-harria Konstituzioaren testua bera da. “Espainiar nazio bat eta bakarraz hitz egiten da han. Konstituzioaren atarikoa ‘Nazio espainola…’ hitzekin hasten da; bai, horrelaxe, singularrean eta lehenbiziko letra, letra larriz idatzita. Eta 2. Artikuluan nazionalitateak terminoa, behar besteko zehaztasunik gabea ageri bada ere, testu konstituzionalean ez da hitz hori gehiago ageri (…), beraz, espainiar estatua estatu multinazionala dela esaten denean, argi gelditu behar da hori ez dagoela jasota Konstituzioan (…) Eta okerra zuzentze aldera, eta hasteko, esan behar da Espainia izena ez dela nazio baten izena, baizik eta Espainiako estatuaren izena soilik (…) Nire iritzian, ‘Espainia = espainiar estatua’ delako identitatea, kategoria mailako errakuntza da” (109-113 or.).

Egoera horren aurrean zein da Moulinesentzat irtenbidea? “Bata da, norberak norbere bakearen izenean, ez nazionalarenean, etsaiarekin bakea egitea, eta gehiengo hegemonikoak toleratzen edo uzten duenetik ahal duen gehiena hondamenditik salbatzera mugatzea. Beste irtenbidea, norberaren nazio-nortasuna hobeto ordezkatuko duen beste estatu bat eraikitzen saiatzea” (115-116. or.). Joko politiko horretan gerta daiteke indar politikoek irtenbide demokratikoaren aldeko hautua egitea eta kasu horretan botoen %koen inguruan eztabaidak sortzea, Katalunian eta Hego Euskal Herrian gertatzen ari den bezala, ildo horretan ere Moulinesek bere iritzia ematen du: “Bere estatu propioa eratzeko nazio baten aukerak, kide interesdunen erdiak gehi bat gehiengoaren botoa badu, orduan, onartu egin behar da. Nazio Batuen Lege Nagusiko Lehen Artikuluko Bigarren Tarte-esaldiko legeak agintzen duenetik zuzenean ondorioztatzen den korolarioa da (bada mende erdia Espainiako estatuak izenpetu zuela eta setatsu eta egoskor kontuan hartzen ez duela: ‘Nazioen arteko harreman adiskidetsuak garatu herrien eskubide-berdintasunaren printzipioaren eta beroriek beren burua antolatzeko duten eskubideari zor zaion begirunean oinarrituta’. Hona hemen zergatik nazionalista ez ezik, estu hartuz gero, separatista ere banaiz(118. or.).

 

Artikulu honen erreferentziazko argitalpena: Manifestu nazionalista (are separatista ere esango nioke, estutuz gero). Txalaparta arg., 2008. Itzultzailea: Xalbador Garmendia.