CYMDEITHAS YR IAITH GYMRAEG, 60 URTEKO BORROKA GALESAREN ALDE

Argazkia: The Guardian

ELIN HAF GRUFFYDD JONES.

Prifysgol Cymru-Galesko Unibertsitatea.

ELEN-eko presidentea (https://elen.ngo/).

NAZIOGINTZA Taldeak gurea bezalako estaturik gabeko beste nazio batzuen hizkuntza-borroka jakitera eman nahi du. Horretarako, eredu batzuk aztertuko ditugu abian jarri dugun artikulu sorta baten bidez. Galeseko, Kataluniako, Quebeceko eta Flandriako kasuak zuei azaltzeko asmoa dugu.

Elin Haf Gruffydd Jones irakasleak eta ELEN-eko presidenteak NAZIOGINTZArako propio idatzitako lehenengo artikulu honetan Galesko kasua ezagutuko dugu. Aurten, 60 urte betetzen dira Cymdeithas yr Iaith Gymraeg sortu zela, galesaren aldeko presio-taldea hain zuzen ere. Cymdeithas-en hizkuntza-borroka luzea eta bortitza izan da, eta ez dira gutxi izan espetxea ezagutu duten erakundeko kideak. Izan ere, Cymdeithas izan da azken 40 urteotan isun eta epaiketa gehien jaso dituen Erresuma Batuko erakunde zibila.

2022. urtean Cymdeithas yr Iaith Gymraeg – Galesko Hizkuntza Elkartearen 60. urteurrena betetzen da. Bere izenak hizkuntzalaritza historikoan edo dialektologian interesa zuten pertsonen elkartea iradoki dezake. Baina errealitatea bestelakoa da: Orduko gazteek, boterea euren eskuetan hartu eta egoera astindu nahian, sortu zuten gerora motzean Cymdeithas (Elkartea) bezala ezagutuko zena (gutxi gorabeherako ahoskera: ‘kæmdeizas’), hau da, 1960.eko hamarkadako gazte-kultura erradikalak zipriztindutako gales hizkuntzaren aldeko mugimendu aktibista. Sei hamarkada geroago, indartsu dirau Galesko politikaren moldeak eta hizkuntzaren patua aldatu ostean.

1962ko otsailaren 13an BBC irratian Hizkuntzaren patua – galesez, Tynged yr Iaith – izenburuko hitzaldia eman zuenean Saunders Lewis (1893 – 1985) galeseko akademiko, literatur kritikari, eleberrigile, dramaturgo eta aktibista galestarrak hautsak harrotu zituen eta Cymdeithas-en sorreraren haziak erein zituen. Saunders Lewis 1925ean Plaid Genedlaethol Cymru -Galesko alderdi nazionalistaren kide sortzailea izan zen; nahiz eta hurrengo hamarkadetan ohartu erakundeetako politikak bakarrik –manifestazioak, sinadura-bilketak, hauteskundeak – ezin zituela Galesko herriak eta gales hizkuntzak premiazkoak zituzten aldaketak ekarri, Britainia Handiko estatuaren botere-egituren barnean, behintzat. Irratiko hitzaldiak [G.A. Williams-ek ingeleseratua]. Irratiz emaniko hitzaldi hartan hizkuntzaren galera eragin zuten historiako faktoreak jorratu zituen, 1536ko Batasun Aktatik hasita, ofizialtasunik eza ekarri zuena, eta ondorengo mendeetan herri-administrazioan eta merkataritzan izandako presentzia-eza, erabilera marjinala eta estigmatizatua hezkuntzan, mespretxua hedabideetan eta abar luze bat aipatuz. Egoera horretan, Lewis-ek dio “Galesera hizkuntza bizi gisa amaitu egingo da, egungo joerak jarraituz gero, XXI. mendearen hasieran.” Egoeraren azterketa argia baino esanguratsuagoak izan ziren, ordea, bere hitzaldiaren azken minutuak: bere baieztapen ausartak: “Fe ellir achub y Gymraeg.” [Gales hizkuntza salba daiteke]; anbiguotasunik gabekoak: “Mae’r iaith yn bwysicach na hunan-lywodraeth” [Autogobernua baino garrantzitsuagoa da hizkuntza]; eta bere ikuspegiaren berritasuna azaldu zuen aurrera begirako ildoa argiki zehazterakoan: “Trwy ddulliau chwyldro yn unig y mae llwyddo.” [Arrakasta metodo iraultzaileen bidez bakarrik da posible.]

Sei hilabete inguru geroago, 1962ko abuztuaren 4an, aktibista gazte-talde batek Cymdeithas Yr Iaith Gymraeg elkartea sortu zuen Pontarddulais herrian Plaid Cymru alderdiak zuen udako eskolan. Hortik aurrera, mugimendu horrek indarkeriarik gabeko ekintzak, desobedientzia zibila eta atxiloketak, auzitegiak eta espetxeratzeak ekarriko zituzten kanpainak planifikatu zituen, munduko beste leku batzuetako eskubide zibil bakezaleen mugimenduetan inspiratuta. Protesta-mugarria 1963ko otsailean burutu zen, Cymdeithas-eko kideek Aberystwyth hiriko Trefechan zubia blokeatu zutenean, bertako Posta Bulegoa “gales hizkuntzaren ofizialtasuna” eskatzen zuten kartelez josi ostean. Ikasleak eta gazteak errepidean eserita, trafikoa blokeatzen, polizia eta argazkilariak bertaratzen [Cymdeithas yr Iaith Gymraeg | Casgliad y Werin Cymru]; horrek guztiak Saunders Lewis-en hizkuntza-iraultza egiazki hasia zela adierazi zuen. “Nid dim llai na chwyldroad yw adfer yr iaith Gymraeg yng Nghymru.” [Iraultza batek baino ez du galesa bere lekuan jarriko berriz ere Galesen].

Hurrengo hamarkadetan, galeseraren ofizialtasunak, soziolinguistikako esparru ezberdinetan aldarrikatzen zituzten kanpainetan giltzarri izaten jarraitu zuten Cymdeithas-entzat: bide-seinaleak, dokumentu ofizialak, hezkuntza eta hedabideak. Azken hau ziur aski nazioartean ezagunena bilakatu zen kanpaina izan zen, gales hizkuntzako telebista-kate bat ezartzeko egin ziren ahaleginena, alegia. Hainbat arrakasta lortu ziren, besteak beste, Gales Hizkuntzaren Legea (1967), Emisio Legeak (1980/81), Hizkuntza Legea (1993) eta Hezkuntza Legea (1995). Baina Ingalaterrako jurisdikzio-printzipioen izaera berezia dela eta, galesera testuinguru jakin batean de facto-ko hizkuntza ofiziala bailitzan erabil bazitekeen ere, gero beste testuinguru batean ez zuen inolako baimenik aurrera egiteko. Adibidez, 1997ko erreferendumaren ondoren, Galesko lehen organo legegile modernoa ezarri zenean, gaur Senedd Cymru (Galesko Parlamentua) izenez ezagutzen dena, ingeles hutsean funtzionatzen hasi zen, harik eta, horren beharra ikustarazteko, Cymdeithas-en elebitasunaren aldeko kanpaina iritsi zen arte,  [https://www.legislation.gov.uk/mwa/2011/1/section/1]. Eztabaida horretan funtsezkoa izan zen Cymdeithas-ek gales hizkuntza guztiena zela argudiatzea [Mae’r Gymraeg yn perthyn i bawb], ez gutxiengo txiki batena edo urruneko toki batekoa, edo gales hiztunena soilik.

Cymdeithas-ek gales hizkuntzaren egoera aztertzeko materialismo dialektikoa erabiltzen duela esan daiteke. Bide-seinale bateko hitzak ingelesez soilik egotetik bi hizkuntzetan, ingeles eta galeseraz, egotera iragaitea aldaketa-ekintza sinbolikoa izan zen, bi hizkuntzek britainiar estatuan zuten botere-desberdintasuna adierazten zuena. Horri aurre egin behar zitzaion, eta lelo honek ondo jaso zuen: “Os yw’r Gymraeg i fyw, rhaid i bopeth newid”. [Gales hizkuntza biziko bada, dena aldatu behar da.] Cymdeithas-ek bere ideologia propioa garatu eta artikulatu zuen bi osagaitan oinarrituta: y Dull Didrais – [hitzez hitz, indarkeriarik gabeko metodoa] indarkeriarik gabeko desobedientzia zibil zuzenaren ikuspegi propioaren analisia – eta Cymdeithasiaeth edo Cymdeithas-en sozialismo komunitarioaren berezko artikulazioa. Thatcherismoaren urteetan, Cymdeithas-ek ezkerreko beste mugimendu batzuekin bat egin zuen, hala nola Meatzarien Batasun Nazionalarekin 1984-85eko greban, baita kanpaina internazionalistekin ere, adibidez nuklearren eta apartheid-aren aurkakoetan , Nikaraguaren aldeko elkartasunean etab.

Garai horretatik aurrera, hizkuntza gutxituetako beste talde eragile batzuekin harremanak biderkatu egin zituen, kanpainei eta testuinguru soziopolitikoei buruzko ideiak trukatuz. Harremanik emankorrenak Irlanda, Katalunia eta Euskal Herriko mugimenduekin garatu ditu. Cymdeithas-ek, Kontseiluan inspiratuta, hizkuntzaren alde lan egiten duten mugimendu eta elkartez osatutako Gales osoko partzuergo bat garatzea bultzatu zuen: ‘Mudiadau Dathlu’r Gymraeg’ [hitzez hitz Galesera Ospatzen duten Erakundeak]. Bere kanpainetan eta Galesko esparru publikoan, kontzeptu eta lelo hauek txertatu zituen: ‘Ie i’r Gymraeg’ (Bai galeserari) eta ‘Dw i eisiau byw yn Gymraeg’ (Galeseraz bizi nahi dut), guztiak euskararen aldeko mugimendutik mailegatutakoak. Europako eta urrutiagoko hizkuntza gutxituen egoera juridikoaren eta normalizazio prozesuen ezagutzan sakontzen jarraitu zuen, eta horrek etxean burutu behar zituen analisi eta kanpainetan lagundu zion.

Egun Galesko hizkuntza-politikan funtsezkoak diren elementu asko Cymdeithas-en ideia eta kanpaina erradikal gisa hasi ziren. Denboraren poderioz -eta hainbat desadostasun eta eztabaidaren ondoren- alderdi politikoek sarritan onartu edo egokitu eta instituzionalizatu egin zituzten. Adibide enblematiko bat Galesko Gobernuaren epe luzerako milioi bat hiztun galesdun lortzeko politika da. Kontzeptua eta kanpaina Cymdeithas-ek bultzatu zituen, 2011ko erroldako emaitzei erantzuna eman nahian, argi erakusten baitzuten ez zela aurrerapenik egin gainbehera joera aldatzeko. Milioi Hiztun kanpainak etorkizunerako edo hizkuntzaren paturako aldaketa politiko bat sortzea zuen helburu: narratiba berria eta positiboa garatzea, asmo handiko estrategiak baina lorgarriak, hizkuntza-politikako helburu orokorrak baina neurgarriak, mezu argiak eta gogoangarriak, galestar guztien irudimena eta gogoa pizteko gai izango zirenak. Zalantzarik gabe, narratiba aldatzea lortu du, baina lortuko al dira helburuak? Bizkortuko ote dira erritmoak hezkuntza bezalako funtsezko arloetan? Izan ere, oraindik ere gurasoek protestak egin behar baitituzte beren seme-alabek Galesko murgiltze-hezkuntzan sarbidea izateko, eta Galesko eskola-adineko biztanleriaren gehiengoa ez da elebiduna ikasketak amaitzen dituenean.

Cymdeithas-en kanpaina luzeenetako bat Deddf Eiddo da [“Jabetza Legea”]. Cymdeithas-ek 1980.eko hamarkadatik aurrerako agenda eta politika neoliberalei emandako erantzunean oinarritzen da eta, Europako testuinguruan, ikuspegi hau nahiko berezia izan da eta ia Galesera bakarrik mugatu izan da hamarkadatan. Beste hizkuntza-komunitate gutxituetako hizkuntza-mugimenduek ez zuten tokiko gobernuen lurralde-antolamenduaren araudietan eragiteko eta aldaketak egin arazteko kanpainetan hainbesteko indarrik jartzen, ez zioten tokiko etxebizitza-beharren azterketari ekiten, ez zuten erosteko eta alokatzeko etxebizitza merke nahikoa bermatzeko asmoz, bigarren etxebizitzen merkatu librea mugatzen eta plangintza-proiektuek hizkuntzan izan zezaketen eraginaren inguruko azterketarik garatzen. 1980ko hamarkadaren amaieratik aurrera, “Nid yw Cymru ar Werth” [Gales ez dago salgai] leloa hormetan margotu, protestetan oihukatu, kamisetetan jantzi eta abestietan errepikatu da.

Azkenik, hainbat hamarkadatan tokiko gobernuak, galestarrak eta Erresuma Batukoak arazoari aurre egiteko lege-tresna egokiak ez dituzte aurkitu edo sortu, baina orain, Galesko gobernuak [Next steps confirmed to tackle impact of second home ownership on Wales’ communities | GOV.WALES] eta tokiko agintariek neurriak hartuko dituzte. Komunitate jasangarrien argudioa irabazi egin da, hein batean Brexit-ak eta pandemiak komunitate ahuletan izan duen eragina aintzat hartu delako. Merkatu askea murrizteko neurriak ezinbestekoak dira galesak hizkuntza bizi bat izaten jarraitu nahi badu, komunitateetan zein hizkuntza nazional gisa. Komunitate mailan, galesa darabilten herriek, dimentsio anitzeko komunitateak izan behar dute, eta bertan jende arruntak, ikasi, bizi eta lan egin behar du. Ez, ostera, erosiak izan eta jolastoki huts bitxi  bihurtu jende aberatsagoak erretiroa hartuta edo erlaxatuta bizitzeko.

Beraz, sei hamarkadatan zehar, lorpen handiak gertatu dira hainbat esparrutan eta, horietako hainbat, artikulu labur honetan nabarmendu dira. Eta ziur aski, Cymdeithas-en arrakastetako bat bere indar iraunkorra ere izan da. Izan ere, jende-kopuru nahiko txikiak hamarkadetan zehar mugimendua suspertzen jarraitzeko gai izan da, kanpaina arrakastatsuak eginez, ofizialtasunetik pop musikaraino, hezkuntzatik digitalizazioraino eta plangintza-legeetatik errefuxiatuek galesera ikasteko dituzten eskubideetaraino – Dinasyddiaeth Gymraeg i bawb / Gales hizkuntzaren hiritartasuna denontzat. Ikasleek gidatutako mugimendu gisa hasi zenak, adin eta jatorri ezberdinetako gizon-emakumeen belaunaldiak bildu ditu. Cymdeithas-eko aktibistek, botere globalen aurrean, benetan aldatu dute Hizkuntzaren Patua, baina aktibista guztiek dakiten bezala, mae’r frwydr yn parhau, borrokak jarraitu egiten du.