FAROE UHARTEETAKO SELEKZIOA, AINTZAT HARTZEKO EREDUA

    Argazkia: Visit Faroe Islands

    “Kirolak kohesio nazionalaren eragile gisa duen inportantziaz ohartzeko, aski da Espainian “la Rojari” ematen zaion trataera ikustea”

    Joxe Azurmendik, “Hizkuntza, Nazioa, Estatua”

    Arestian antolatutako futboleko Eurokopak eta Olinpiar Jokoek agerian utzi dituzte, berriz, nazio gisa ditugun mugak, Euskal Herria nazioarteko kirol-lehiaketetan ez baita existitzen. Ez du ezertarako balio euskal kirol-selekzioen aldarrikapena adostasun gehien biltzen dituen gure erreklamazio nazionaletako bat izateak, euskal kirolariek Frantziako edo Espainiako banderekin beti lehiatu behar badute.

    Futbolaren arloan urrats batzuk eman dira azken boladan euskal selekzioak nazioarteko lehiaketetan parte hartu ahal izateko: berandu egin bazuen ere, Euskadiko Futbol Federazioak 2020ko abenduan eskaera formala aurkeztu zien FIFAri eta UEFAri euskal futbol­‑selekzioaren ofizialtasuna lortze aldera. Sei hilabete geroago, baina, nazioarteko erakunde horiek ateak itxi zizkioten aukera horri, arrazoi politikoak argudiatuta: Euskal Herria ez da nazioarteak onartutako estatu burujabea.

    FIFAk eta UEFAk emandako argudioak oinarri ahula du, errealitateak gezurtatzen duena: estaturik gabeko hainbat naziok (Eskozia, Gales, Faroe Uharteak, Gibraltar, …)  nazioarteko futbol­‑lehiaketetan parte hartzen dutelako. Gure iritziz, Espainiako Futbol Federazioaren presioak izan dira euskal selekzioaren nazioarteko onarpena eragotzi dutenak. Auzia ez baita juridikoa edo kirolekoa, politikoa baizik.

    Gogoratu FIFAren estatutuen arabera (11. artikulua) herrialde batek erakundearen kide izateko bi baldintza hauetako bat, bederen, bete behar duela: estatu independentea izatea, edo dagokion estatuko federazioaren baimena lortzea (gure kasuan, Espainiako Futbol Federazioaren baimena).

    Faroe Uharteen kasua oso adierazgarria da akordio politiko batek nazioarteko kirol-aintzatespena errazten duela islatzeko. Kasu hau ondo ezagutu eta aztertu beharko genuke, euskal selekzioaren ofizialtasuna erraztu lezakeen aurrekari interesgarria delako.

    1988an lortu zuen Faroeetako futbol-selekzio nazionalak bere nazioarteko onarpena. Gogoratu Faroe Uharteak Danimarkaren menpeko nazio bat dela, autonomia zabala duena baina ez estatu propioa. 1988an ere jokatu zuen bere lehenengo nazioarteko partidu ofiziala, Islandiaren aurka galdu zuena.

    Euskal Selekzioa sortu zen urte berean (1930ean) hasi zen Faroe Uharteetako futbol-selekzioa nazioarteko partiduak jokatzen, baina aitorpen ofizialik gabe. 58 urteetan zehar lagunarteko partiduak baino ez zituen jokatu (gure selekzioaren antzekoak), baina Danimarkarekin lortutako akordio politiko bati esker 1988tik aurrera lehiaketa ofizialetan sartzeko aukera gauzatu zuen.

    Izan ere, Faroe Uharteetako Futbol Federazioak FIFA eta UEFAren aurrean 1988an aurkeztu zuen kide izateko eskaera ofizialak ez zuen, ez Danimarkaren, ez eta Danimarkako Futbol Federazioaren aurkakotasunik jaso, eta horrek uharteetako futbol-taldeari nazioarteko atea ireki zion. Lekutan dago Danimarkako jarrera ireki hori Espainiako betiko jarrera itxi, inperialista eta intolerantetik. Kasu horrek garbi frogatzen du estatu independente izan gabe ere selekzio batek nazioarteko onarpena ere eskura dezakeela.

    Faroe Uharteetako aurrekariak garbi azaleratzen du auziaren mami politikoa: Espainiako Futbol Federazioaren mende (funtsean, Espainiako Gobernuaren mende) dago gure futbol-selekzioaren nazioarteko onarpena.

    Konponbide politiko batek, beraz, aukera emango lioke gure hiru koloreko selekzioari nazioarteko txapelketetan partida ofizialak jokatzeko.  Goi-mailako akordio politikoa beharko litzateke Espainiako gobernuarekin. Eta hori euskal alderdi politiko abertzaleei dagokie. Pedro Sanchezen gobernuari laguntza merkea, oso merkea, eman dioten horiei. Ez al da alderdi abertzaleen ardura euskal herritarron interesak defendatzea? Eta euskal selekzioak edukitzeko gogoa da interes horietako bat, gurean oso hedatua dagoena (Ikusi albiste hau: https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/deportes/futbol/2021/06/10/sociedad-vasca-impulsa-euskal-selekzioa/1117753.html ). Gai estrategikoa da ikuspuntu abertzaletik ere, naziogintzaren eragile indartsu eta eraginkorra delako eta hori oso ondo dakite Espainiak eta Frantziak.

    Johan Hentze faroetarrak argi du: “Apustu egingo nuke gaur egun Faroe Uharteei buruz dakitenen mundu osoko pertsonen %90ak futbolari esker ezagutzen gaituztela, Faroe Uharteek nazioarteko futbolean parte hartzen dutelako. Niretzat, Faroe Uharteetako futbolariak dira nazioaren enbaxadorerik onenak eta eraginkorrenak. Aldi berean, gure futbol-selekzioa gure nortasuna eta nazio-­harrotasuna indartzen dituen elementu garrantzitsua da”. Argiago, ezin esan. Hemen gauza bera gertatzearen beldur da Espainia.