GALESA GALESKO HEZKUNTZA-SISTEMAN

ALAN SANDRY.

Swansea University (Gales/Cymru).

Uste da Galesa – Cymraeg – Europako bigarren hizkuntzarik zaharrena dela, euskararen ondoren, eta bere jatorria gutxienez 3.000 urtekoa dela. Galesko, Ingalaterrako mendebaldeko eskualdeetako, Cumbriako (Lakuen Barrutia) eta Eskoziako hegoaldeko biztanleek hitz egiten zuten; Edinburgo eta Glasgow eremu gales-hiztunak izan ziren.

Gales Ingalaterrak anexionatu zuen 1282an, eta 1536ko Batasun Aktaren ondoren, galesa debekatu egin zen administrazioan, eta ez zen komunikabide gisa aholkatu. Hala ere, jendetzak galesez hitz egiten jarraitu zuen eguneroko bizitzan. 1847an, hiru abokatu ingelesek txosten bat idatzi zuten, Liburu Urdinen Traizioa (The Treachery of the Blue Books) izenekoa. Bertan esaten zen galesa hezkuntzarako eragozpen bat zela, eta adierazten zen, jendearen bizitza, ingelesez soilik hitz egiten bazen hobetu zitekeela. “Welsh Not” (Galesa ez) delakoa sartu zen, haur galestarrak eskolan ingelesez hitz egitera behartzen zituena. Egiten ez bazuten, fisikoki zigortzen zituzten. Hala ere, beste behin ere, jendeak bere jatorrizko hizkuntza hitz egiten jarraitu zuen.

Galesezko Hezkuntza

Galesez irakatsiko zuten eskolak ezartzeko kanpaina politiko luze baten ondoren, Ysgol Glan Clwyd galesezko bigarren hezkuntzako (11-18 urte) lehen ikastetxe bihurtu zen  1956an. 1960ko hamarkadan beste eskola batzuk ireki ziren, erradikalismo eta aktibismo kulturaleko garaian, eta azkar hazi ziren 1970eko eta 1980ko hamarkadetan. 2021ean, goi-mailako eskoletako 44.762 ikasle daude galesez soilik ikasten dutenak. Hori adin-tarte horren % 23 da.

2007an, Galesko Gobernuak galesez hezteko estrategia argitaratu zuen, herrialde osoan hizkuntzaren irakaskuntza eta ikaskuntza hobetzeko. Aurreko ikuspegi batean oinarritu zen Gales benetan elebiduna sortzeko. Ondorioz, Galesen eskolatutako haur guztiek 7 urtetik 16 urtera ikasten dute orain galesa, eta lehen hezkuntzako ikasleen laurden batek, gutxi gorabehera, galesezko irakaskuntza jasotzen du nagusiki.

Eskolaurreko Hezkuntza

Mudiad Meithrin-ek (Haurtzaindegien Mugimendua) jolas-taldeak eta haurtzaindegiak ezarri ditu Gales osoan, haurrei galesa murgiltzearen bidez ikasteko (jolasaren bidez hizkuntza ikastea). Gaur egun 13.000 haur inguru daude Mudiad Meithrin-go jolas-taldeetan eta haurtzaindegietan.

Cynllun Cymraeg i ‘r Teulu (Galesa familiarentzat) galesez hitz egiten ez duten eta eskolaurreko adineko seme-alabak dituzten guraso eta zaintzaileei laguntzen dien programa da. Cam wrth Gam ere badago (Pausoz Pauso). Galesezko ikastaro bat da, galesezko ikasleentzat bereziki prestatua. Ikastaroa bi mailatan diseinatu da, hasiberrientzat eta tarteko maila, eta haur txikiekin lan egiteko behar den hizkuntza maila eskaintzen du.

Lehen Hezkuntza

Galesko lehen hezkuntzako bost eskola mota nagusi daude, Galesko hizkuntzarekiko duten ikuspegiaren arabera bereiziak:

1.- Galesezko Lehen mailako Eskolak: galesa da ikasketa-planaren eta eskolaren hizkuntza nagusia. Oinarrizko etapako irakaskuntza guztia (3-7 urte) eta bigarren etapako irakaskuntzaren % 70 (7-11 urte) galesez egiten da.

2.- Bide bikoitzeko lehen mailako eskolak: galesa eta ingelesa batera irakasten dira, eta haurrak korronte ingelesean edo galesean jartzen dira, gurasoen aukeraren arabera.

3.- Lehen mailako Eskola tradizionalak: oinarrizko etapako (3-7 urte) irakaskuntza galesez da batez ere. Bigarren etapan (7-11 urte) ingelesa eta galesa erabiltzen dira, baina galesa nabarmentzen da (irakaskuntzaren % 50-70).

4.- Lehen mailako Eskola gehienbat ingelesdunak, baina galesaren erabilerarekin: galesa eta ingelesa erabiltzen dira, baina ingelesa da hizkuntza nagusia. Galesa denboraren % 20 eta % 50 artean erabiltzen da.

5.- Ingelesa nagusi duten Lehen mailako Eskolak: ingelesa da hizkuntza nagusia, eta galesa bigarren hizkuntza gisa irakasten da.

Galesezko Lehen-mailako Eskoletan, langileak eta haurrak galesez komunikatzen dira, ikasgela barruan zein kanpoan. Galesa eta ingelesa gurasoekin komunikatzeko erabiltzen dira.

Galesen, Lehen mailako 450 galesezko eskola inguru daude, eta haurren % 25ek galesezko irakaskuntza jasotzen dute hizkuntza nagusi gisa.

Bigarren Hezkuntza

11 urte betetzen dituztenean haurrak galesezko bigarren hezkuntzako eskoletara edo ingelesezko bigarren mailako eskoletara joaten dira. Bigarren hezkuntzako 49 ikastetxek eskolak galesez soilik ematen dizkiete 35.000 ikasleri.

16 urtetik aurrerako Hezkuntza eta Goi-mailako Hezkuntza

Galesko Hezkuntza Aurreratua bezala (“Further Education”) ezagutzen den 16 eta 18 urte bitarteko adin-tartean, Galesko Gobernuak Ekintza Plan bat jarri zuen martxan 2019an Galesen. Horrek barne hartzen ditu, halaber, ikaskuntzak eta prestakuntza teknikoa eta zientifikoa egiten dituzten pertsonak.

Goi-mailako hezkuntzari dagokionez, Galesko unibertsitateak establezimendu elebidunak dira. Ikasleek lanak aurkeztu eta azterketak galesez egin ditzakete, nahiz eta ingelesez emandako ikastaroetan egon. Irakasleen % 10 inguruk ondo hitz egiten dute galesez, eta beste % 10ek ulermen-maila ona edo hizkuntzaren nolabaiteko ezagutza dute.

Etorkizuna

Gaur egun, helduen % 20k eta haurren % 37k galesa erabiltzen dute egunero. Biztanleriaren Urteko Inkestak (2019) jakinarazi zuen hiru urte edo gehiagoko pertsonen % 28,4 galesez hitz egiteko gai zirela. Kopuru hori 857.600 pertsonakoa da, Galesek 3,1 milioi biztanle baititu. Galesko Gobernuaren Cymraeg 2050 estrategiak azpimarratzen du hezkuntza eta prestakuntza direla milioi bat hiztunen helburua lortzeko bitarteko nagusiak. Halaber, hezkuntzaren sektore guztietan galesa irakasgai gisa ematen duten irakasleen kopurua handitzeko anbizio handiko helburuak ezartzen ditu.

ICEC erakundearen baimenarekin (https://www.icec.ngo/) argitaratutako artikulua.