EDITORIALA: HAUTESKUNDEAK, AUKERAK ALA GALBIDEAK?

Argazkia: El Mundo

Berriz ere hauteskunde-giroan gaude Hego Euskal Herrian eta, beti bezala, iritzi ezberdinak agertzen dira botoen garrantziaz, alderdien norabide politikoaz eta boto-emaile euskaltzale eta abertzale legez hartu behar dugun erabakiaz. Azken garaiotan, gainera, Kataluniaren erresistentzia eragina izaten ari da gure egoera politikoan; Katalunia zerumugan, geroz eta zailagoa eta korapilatsuagoa egiten ari da alderdi politikoentzat politika egitea konpromisorik hartu gabe. Hori dela-eta, euskaltzale eta abertzaleontzat jadanik ez dira erakargarriak ohikoak izaten diren eta gure klase politikoarentzat inolako konpromisorik edo betebeharrik ez dakarten esaldi minimalista eta hutsaletan adierazitako “egitarau” politikoak. Eta hala ere guk ez genuke txartzat joko “bertako” alderdien jokamolde hori, baldin eta, aldi berean, aitortuko balute, ezin dutela programa edo “bide-orri” zehatz bat osatu egoera kolonialean gaudelako eta egoera horretan ganorazko programa bat aurrera eramateko botererik ez dugulako. Arazoa, baina, zera da: alderdi politiko horiek ez dutela onartzen okupazio-egoeran gaudela eta haien diskurtsoetan ezker/eskuin dikotomia gailentzen da Espainiako edozein probintziatan bezala, Katalunian Espainia/Katalunia dikotomia alor guztietara zabaltzen den bitartean.

Baldintza hauetan jendeak eduki ditzakeen zalantzak ulergarriak eta, are gehiago, osasungarriak izaten dira: lehenengo eta behin inposatzen zaigun espainiar sistemarekiko zalantzak eta ondoren bertako alderdi eta politikariekiko zalantzak. Zertarako bozkatu? Bozkatzeak ez al du zilegiztatzen espainiar sistema bera? Ba al dago estrategia abertzale eta independentista argia duen alderdirik? Ez al dira “indar-metaketaren” lokatzetan ibiltzen espainiar belarrien gozagarri, guretzat funtsezkoak diren euskara, euskal kultura, autodeterminazio eskubidea, lurraldetasuna eta demografia, besteak beste, eguneroko jardueretan baztertzen dituzten bitartean? Bestalde, demagun independentzia lortu nahi dutela; hori da EH Bilduk dioena. Nola irudikatzen dute independentziarako bidea? Espainiako eta Europako ezker muturreko alderdiekin bat eginda? Ez litzateke logikoagoa berezko kultura eta lurraldetasuna defendatzen dituzten mugimenduekin bat egitea, bai espainiar estatuan eta baita Europan ere? (esan behar da azken boladan EH Bildu lankidetza ari dela sustatzen Kataluniako eta Galiziako abertzaleekin, eta hori txalotzen dugu; Europan gauza bera egitea gustatuko litzaiguke) . Ez al dira argigarriak Espainiako ezker mugimenduen eta alderdien jarrerak Katalunia edo Euskal Herriaren independentziari dagokionez? Autodeterminazioaren aldekoa omen da Podemos alderdia Katalunian eta Hego Euskal Herrian; baina diskurtso hori ez du egiten Zamoran edo espainiar estatuko gainerako tokietan. Zergatik? Horrez gain, Kataluniako egoera larritu denean Podemos anbiguotasunean jausi da eta, larriagoa dena, hainbat kasutan Espainiako erregearekin eta armadarekin berarekin bat egin du Podemosek.

Giro honetan geure buruari hau galdetzen diogu: Jarraitu behar al dugu betiko alderdiei bozka ematen? Gure botoa ezker/eskuin parametroen arabera eman behar al dugu, Euskal Herriko egoera politikoa Valladolidekoa bezain normala balitz bezala? Edo, ezker/eskuinaz gain, Espainia/Euskal Herria dikotomiari emango al diogu lehentasuna, espainiarrek egiten duten bezala? Abstenituko al gara eta pikutara bidaliko al ditugu alderdi guztiak?

Sare sozialetan euskara eta euskal kultura lehenesten duen alderdi bat sortzeko proposamena zabaldu da azken hilabeteotan, baina ez du ematen arrakasta handirik izan dutenik. Euskara eta abertzaletasuna bultzatzeko gizarte-mugimendu bat sortu nahi dutenak ere egon badaude, politika ez-alderdikoia egingo lukeen gizarte-mugimendua, baina momentuz gurari hori ez da gauzatu inolako proiektutan. Azkenik abstentzio-zaleen kasua dugu: bozkatzeak espainiar (eta frantziar) inperialismoa zurkaiztea dakarrela defendatzen dutenak. Bada, Naziogintzak beti defendatu du politikaren izaera sistemikoa eta lehia politikoaren eremu guzti-guztietan egon behar dugula irizten diogu. Beraz, kritikak kritika, horrek esan nahi du parte hartu nahi dugula kontzientzia nazionalaren sorkuntzan, baina baita ere eskubide zibil eta politikoen defentsan, eskubide horien aldeko Herri-plataformetan, mobilizazio sozialetan, gizarte-ekimenetan, sare sozialetan, memoria historikoaren eremuan eta Euskal Herria defendatzeko aukera eskaintzen duten toki, mugimendu eta testuinguru orotan, tartean hauteskundeetan. Ez gara, salbuespenak salbuespen, abstentzioaren aldekoak.

Hala ere, arestian aipatu dugun bezala, geure zalantzak ditugu alderdi politikoek agertzen dituzten estrategiei buruz. Darabiltzaten hizkera eta terminologia, adibidez, ez dira nazio-askapen mugimendu bati dagozkionak, baizik eta, ñabardurak ñabardura, jarrera autonomista espainiarra duen alderdi batenak. Batzuek “Espainian eroso sentitzeko” estrategia jarraitzen dute, besteek etengabe Podemos-i so eginez ea zer harrapatzen duten ezker espainolistaren eremu horretatik….Batzuetan ematen du Espainiara doazela sistema zurkaiztera eta, horren truke, apurrak jasotzera. Ez doaz Madrilera Espainian dagoen endekatze sistemikoa areagotzera, ustelkeria toki eta aukera guztietan salatzera, botere- -banaketa eza eta Estatuaren izaera neofrankista sakona mundu osoan hedatzera eta, batez ere, Espainian dauden demokrazia-eza, giza eskubideen zapalketa ahoan bilorik gabe nazioartekotzera.

Bide horretan lagungarriak izan daitezke Europako eta Espainiako ezkerreko alderdi batzuk, demokratak direnak, baina baita berezko hizkuntza, kultura eta lurraldetasuna aldarrikatzen duten bestelako mugimenduak ere, ezkerrekoak izan ala eskuinekoak izan. Izan ere, Espainia, erortzekotan, ez da eroriko ezkerreko edo eskuineko alderdien bulkadaz, baizik eta barnean biltzen dituen kontraesan eta jarrera totalitarioen kariaz. BERRIA egunkarian egin zioten elkarrizketan ideia interesgarri hau bota zuen Salvador Cardus ekonomian doktore, kazetari, unibertsitatean irakasle izandakoak: Dagoen arazoa ez da konponduko mahai baten inguruan, Irlandan gertatu zen bezala, edo prozedura demokratikoen bidez gutxiengoen eta gehiengoen arteko joko demokratikoan. Hori berarentzat ezinezkoa da espainiar kasuan: “Ez dakit zer gertatuko den, baina (bizi dugun liskar) hori ez da konponduko modu nolabait pentsatuan, ez elkarrizketaren bidez, ezta estrategia politiko jakin baten bidez ere. Artikulu bat idatzi nuen, esanez hau ez dela Irlanda; hau da, ez dela bukatuko Kataluniako gizartearen zatikatzearekin. Esaten nuen: «Hau izango da Berlin bezala». Nola erori zen harresia? Harresiak erori behar baldin bazuen akordio baten ondorioz, oraindik hor egongo zen”: https://www.berria.eus/paperekoa/1913/016/001/2019-09-15/bide-orri-bat-ez-da-erabilgarria-orain-printzipio-batzuk-izan-litezke-baliagarriak.htm