ETB-1EK EUSKARAREN NORMALIZAZIOAN LAGUNTZEN AL DU?

Posible al da hizkuntza bat normalizatzea hizkuntza horretan pelikulak edo telesailak ikustea ezinezkoa denean? Fikziorik ematen ez duen telebista batek esan al dezake euskararen normalizaziorako beharrezkoak diren eremu formal eta informal guztiak jorratzen dituela? Hots, telebista osoa dela?

Gabezia handiak antzematen ditugu guk ETB-1eko programazioan. Urtez urte nabarmen areagotzen ari diren gabeziak. Izan ere, eta Joxe Manuel Odriozolaren terminologia erabiliz, esan daiteke ETB-1 telebista etnikoa dela, ez telebista nazionala; kultura tradizionala bitxikeria moduan eta ez nazio baten kultura klasiko gisa aurkezten duen telebista; kulturaren neurri politikoa ezkutatu eta bizitza sozialeko anekdoten kontakizunetan gelditzen den telebista. Herri zapaldua gara baina ETB-1 asko jota euskalduntasun etnikoa ari da sustatzen bere programazioaren bidez, politika kolonialaz hitzik ere ez. Eta hori guztia euskalduntasun nazionalaren kalterako. Funtsean, funtzio sozial hegemonikoetan erdara bakarrik erabiltzea esan nahi du horrek, euskara funtzio sozial lokal eta oso informaletarako uzten den bitartean. Espainiako funtzio nazionalak betetzen dituen hizkuntzaren aurrean, ohiko erreferentziak barne, ETB-1ek sinetsarazi nahi digu mendeko funtzioetarako soilik dela gure hizkuntza, eta horren arabera dihardu: horretaz jabetzeko, ikusi besterik ez dago programazioaren arloan ETB-1en eta ETB-2ren arteko alde izugarria.

NAZIOGINTZAk espainiar estatuko 6 telebista-kanalen programazioa aztertu du 14 egunetan (2019ko azaroaren 28tik abenduaren 11 arte). Errepikatutako saioak ez dira aintzakotzat hartu. ETB-1, ETB-2, Kataluniako Telebista (TV3), Galiziako Telebista (TVG), ANTENA 3 eta TELE 5. Lehenengo laurak, telebista publikoak, eta azken biak pribatuak. Eta emaitzek ez dute zirrikiturik uzten zalantzarako: ETB-1 da kanal guztien artean telebista “generalista” izatetik urrutien dagoena. Ikus dezagun zergatik:

FIKZIOA: Egundokoak dira ETB-1en gabeziak fikzioari dagokionez. Ia miraria baita pelikulak edo telesailak euskaraz ikusi ahal izatea. Aztertutako epean, ETB-1 izan da fikzio gutxien eman duen telebista: 3 saio besterik ez (pelikula bat eta telesail baten -GOAZEN- bi saio). Aldiz, ETB-2an fikzioaren 17 saio eman ziren, TV3an 25, TVGan 16, ANTENA 3an 60 eta TELE 5ean 7. Euskarazko bikoiztaile profesionalen etorkizuna, bistan da, ilun baino ilunagoa da.

SAIO KULTURALAK: Galiziako Telebista (TVG) da saio kultural gehien eman zituena aztertutako egunetan: 14; ETB-1 izan da bigarrena: 8; TV3 hirugarrena: 5; ETB-2 laugarrena: 4; eta kate pribatuek (TELE 5ek eta ANTENA 3k) bat bera ere ez.

ERREPORTAJEAK ETA DOKUMENTALAK: Telebista publikoen artean TVG eta ETB-2 izan dira liderrak kategoria honetan: 7; ETB-1ek 5 eman ditu; eta TV3k 4. Kate pribatuek bat bera ere ez.

KULTURA OROKORREKO LEHIAKETAK: Berriz ere ETB-1ek du gabeziarik handienak izateko ohorea arlo honetan, telebista bakarra delako kultura orokorreko lehiaketarik eman ez duena. Saminez oroitzen dugu MIHILUZE arrakastatsu hura. Gainontzeko telebistek ia egunero eman dute bat, Galiziako Telebista izanik gehien emititu dituena (22).

Zenbakiek bakoitza bere tokian jartzen dute. ETB-1eko arduradunek jarrai dezakete pentsatzen euskaldunok alergia diegula pelikulei, telesailei edo kultur-lehiaketei, eta sukaldeko saioek eta larunbat gauetako mariatxiek, aldiz, zoratu egiten gaituztela. Baina gogoratu beharko lukete ETBren funtzio nagusia, teorian, euskararen normalizaziorako tresna eraginkorra izatea dela, eta horretarako jaio zela. Praktikan besterik da, ordea, eta etxe barruan du bera eta bere helburuak zukutzen dituen tresna: ETB-2, espainieraz eta berari dena jaten diona, aurrekontua, programazioa, lehiaketak (El Conquis, etab.), ikuspegia, naziotasunik eza, etab.

Laburbilduz, ETB-1eko gaurko programazioa oso herren gelditzen da anbizio handiko helburu hori (euskararen normalizazioaren funtsezko tresna izatekoa) betetzeko, telebista osoa izatetik lekutan dagoelako.