EUSKAL HERRIKO MAPARIK EZ IPARRALDEKO ESKOLETAN

Argazkia: Noticias de Gipuzkoa

NAZIOGINTZAn Euskal Herriari egindako erasoak, maila linguistikoan, kulturalean edo nazionalean, ozen salatzen ditugu gure bitartekoen bidez, tartean webgune honen bidez. Gugana iristen diren testigantzak jaso eta zuei jakinarazten dizkizuegu, uste dugulako gertaera tamalgarri horien ezagutza funtsezkoa dela kontzientziak astintzeko eta salaketa publikoa egiteko.

Amaia (fikziozko izena da, anonimotasuna gorde nahi duelako) aholkulari pedagogikoa da euskal hizkuntza eta kultura arloan, Ipar Euskal Herriko eskola publiko elebidunetan. Duela bost urte, gorabehera bat izan zuen Frantziako hezkuntza-ikuskari batekin, eta horren berri eman zigun. Hau da bere testigantza:

“Ikuskari famatu horrekin ukan nuen eztabaida duela 5 urte izan zen. Geroztik ikuskari hori erretretan da.

Euskaraz irakasten zuen irakasle elebidun baten inspekzio momentuan gertatu zen elkarrizketa. Nire rola inspekzioetan, irakasleak dioena frantsesera itzultzea da baita ikasleen ahozko eta idatzizko ekoizpenak ere.

Irakasleak ikasgelako paretan Euskal Herriko mapa afitxatua zuen.

Afitxa hori ikusterakoan, horra zer izan ziren ikuskariaren hitzak :

– “Cette carte donne une vision érronée de la géographie. Ici le Pays Basque est représenté comme pays à part entière, ce qui est incorret. Le Pays Basque n’est pas un pays c’est un terrotoire qui appartient à deux pays la France et l’Espagne”.

“Ce n’est ni une île (comme l’est la Corse) donc on ne peut pas le décontextualier des pays dans lesquels il se trouve.”

Itzulita:

“Mapa honek geografiaren ikuspegi okerra adierazten du. Hemen Euskal Herria herri oso bat izango balitz bezala azaltzen da, eta hori ez da zuzena. Euskal Herria ez da herri bat bi herri diren Frantzia eta Espainiaren lurralde bat baizik.

Ez da ere uharte bat (Korsika moduan), beraz, ezin da dagoen herrien testuingurutik atera”.

Horri erantzun nion Euskal Herriko mapa horrek ez zuela baitezpada helburu geografikorik irakaslearendako, helburu kultural eta linguistikoak baizik. Horrelako euskarri batek euskara non hitz egiten den eta kulturalki eskualdeka zer ezaugarri nabarmen badiren ikasteko oinarri egokia izan daitekeela.

Andere ikuskariak ukan zuen azken hitza (beti bezala), “si nous reprenons le programmes nationaux….. ce support et cette approche disciplinaire n’est pas conforme aux valeurs de l’école républicaine...”

Itzulita:

“Programa nazionalak berreskuratzen baditugu … etab., etab. … euskarri hau eta gaiarekiko hurbilketa ez datoz bat eskola errepublikanoaren baloreekin…”

Halere irakasleari euskarri horren erabilpenaren helburuak galdetzea aholkatu nion ikuskariari…”

Frantziako Hezkuntza-sisteman Euskal Herriko mapa bat Iparraldeko gela batean egotea Frantziako Errepublikaren aurkako erasotzat jotzen da, alegia. “Chauvinista” eta jakobino horientzat “Pays Basque” Joana d’Arc-en garaietatik guztiz frantsesa den lurraldea da, hori bai, folklore nahiko berezia duen lurraldea, besterik ez. Kito. Eskola frantsesak herritar jakobinoak (“ aux valeurs de l’école républicaine…”) hezi behar ditu.