TURKIAKO KURDUAK, EGUN EUROPAN PARERIK EZ DUEN JAZARPENA

Argazkia: Abaka news

DERWICH M. FERHO.

Bruselako Institutu Kurduko presidentea.

Derwich M. Ferho Bruselako Institutu Kurduko presidentea da, giza zein Herri-eskubideen mugimenduarena. Derwich 1961ean jaio zen, Turkiaren mendeko herri txiki batean, Midyat-etik gertu. 17 urterekin bere jaioterria utzi behar izan zuen. Turkiako militarrek bost kurdu herrikide erail ondoren berak antolatutako protesta izan zen ihesaren arrazoia. 1977ko otsailean Bruselara iritsi zen. 1978an, bera bezalako beste sei gazte kurdurekin, TEKOSER sortu zuen, Langile eta Ikasle Kurduen Komunitatea Belgikan. Erakunde hori gaur egungo Kurdu Institutuaren aitzindaria izan zen, 1989an sortu zena. Sortzaileetako bat izanik, Ferhok kurduen ahotsa Flandrian eta Bruselan entzun egingo zela ziurtatu zuen horrela. 2006ko martxoan Turkiako miliziek bere aita -85 urteko Ferho Akgül- eta bere ama -80 urteko Fatma Akgül- bere jaioterrian (Mizîzex-en) hil zituzten.

NAZIOGINTZArako idatzitako artikulu honetan, Ferhok Turkiak Herri Kurduaren aurka burutzen duen politika etnozida salatzen du.

 

1923an Turkiako Errepublika modernoa ezarri zenetik, Turkiako estatuak planifikatutako gerrak eta sarraskiek ehun milaka kurduren heriotza ekarri dute, tartean direla Dersimeko garbiketa etnikoko kanpaina handiak (1937-1938).

Turkiako kurdu bati galdetuz gero Turkiako zein buruzagi edo aro izan den herrialdearen historian erasokorren edo etsaien, batek zalantza aurkituko du. Ia turkiar buruzagi guztiek politika berbera jarraitu dute kurduei buruz: ukapena eta gerra. Beraz, aldi berean mingarria eta zaila da mailakatze bat ezartzea askotariko Turkiako erregimenen pean izandako zapalketari buruz. Bada puntu komun bat: Lehen Mundu Gerratik Turkiako kurduek etengabe jasan dituzte erasoak Turkiako gobernuetatik beren etnia, kultura, identitate erlijioso eta ekonomia zein politika estatusaren kontra.

Irakurle estimatua, dagoeneko ohartu egin zara hau ez dela “artikulu baikor bat”. Artikulu honi buruzko gauza tristeena da hemen deskribatzen dudan egoerak gaurkotasun osoa duela, izugarria izanik ere. Kurduen kontrako turkiar errepresioa ez da askorik hobetu azken hamarkadetan.

Kurduen kontrako Turkiaren tiraniak forma guztiak hartu ditu. Nahikoa da kultura eta politika arloko errepresioari erreparatzea ohartzeko identitate kurdua ukatu egiten dela.

Turkian, kurduak biztanleriaren laurden bat dira. Kurduen kopuru handi hori dela eta, gobernu guztiek identitate kurduaren adierazpenari turkiar nazionalismoaren ikuspegitik begiratu diote. Erreparatu, bestela, Turkiako historia berriaren adibide zehatz batzuei. Ofizialki debekatu izan dira “kurduak”, “Kurdistan” eta “kurdu” hitzak. Ofizialki debekatu izan da janzkera kurdua eramatea, folklore kurdua bizitzea edo izen kurduak erabiltzea. Atxilotu eta kartzelatu egin dira kurdueraz hitz egin, argitaratu edo kantatzen duten pertsona guztiak. Debekatu egin da bizitza publiko eta pribatuan hizkuntza kurdua erabiltzea, 1980ko estatu kolpe militarraren ondoren.

Aldiz, ez du esan nahi zapalketa neurri horiek egun existitzen ez direlako kurduen kontrako diskriminazio guztia amaitu egin zela. Adibidez, hezkuntzan. Ikastetxe publikoetan, turkiera da aitortutako hizkuntza bakarra. Ikastetxe pribatuen ekimenari dagokionez, turkiar estatuak ahal den guztia egiten du haien iraupen ekonomikoa kolokan jartzeko, azkenean ateak ixtera behartzeko moduan.

Errepresioa eta beldurra hain dira handiak, non kurdu askok familian eta senitartekoen artean bakarrik hitz egiten baitute beren hizkuntza. Europako herrialdeetan ere beldur hori antzeman daiteke. Turkiatik Mendebaldeko Europara ihes egin zuten zenbait kurduk ukatu egiten dute beren identitatea, hizkuntza eta kultura, beldurrez turkiar diasporatik abusua, bazterketa edo jazarpena jasango ote duten.

Erdoganen erregimenaren pean, adierazpen askatasunak eta prentsa askatasunak murrizketa gogorrak izan dituzte. Hedabideei gero eta presio handiagoa egin zaie kurduen ahotsa isilarazteko. Azken egunkari kurduak 2018an itxi behar izan zituen ateak. Welat egunkaria (esanahiez, “sorterria”) gobernu dekretu bidez itxi zen, Turkiako larrialdi egoeran ezarria. Kurdistango hego-ekialdean Turkiako armadaren eta Kurdistango Langileen Alderdiaren (PKK) arteko hiru hamarkadako gerra 2015ean berriz piztu zenetik, kazetari kurdu adoretsu asko atxilotu, giltzapetu edo hil dituzte. Ehunka kasu judizial ireki ziren haien kontra. Aspaldi honetako zenbakiek erakutsi dute gutxienez 64 kazetari daudela espetxean.

Politikari dagokionez, ausardia handia behar da alderdi politiko kurdu bateko kide izateko. Turkiako egungo egoera biziki zaila da politikari kurduentzat, Recep Tayyip Erdogan presidente autoritarioak desagerrarazi egin baititu bere agintearen gaineko kontrol guztiak, eta kurduak pertsegitzen ditu Turkiako mugen barnean. Hartara, herrialdeko espetxeak benetako eta ustezko etsaiekin bete ditu, eta kurduen aldeko Herrien Alderdi Demokratikoaren (HDP) kontra bideratu du bere amorrua.

Utz egidazue egia tristea eta zenbaki batzuk motz laburbiltzen: HDPko alkateak beren postuetatik kargugabetu dituzte eta, trukean, erregimenaren konplizeak jarri (83 alkate 2014an, 48 alkate 2019an), eta HDPko politikariak atxilotu eta espetxeratu egin dituzte; 4.000 buru, ordezko, legebiltzarkide, alkate eta kide baino gehiago kartzelatuta daude.

Oraindik orain, Kobani delako epaiketa hasi da Ankaran. Turkiak HDPko 108 politikari eraman ditu epaiketara eta, kritikariek adierazi dutenez, motibazio politikoa duen “mendekua” dira. Delituen artean, egotzi egin zaie “estatuaren osotasunari eraso egitea”. Jakina, behin eta berriz errepikatzen den akusazioa “terrorismoarekiko loturak” dira. Fiskalen asmoa da bizi arteko epaiak eta milaka espetxe urte ezartzea.

Politikari kurduen zapalketa eta pertsekuzioa hainbat erakunde ofizial eta ez-ofizialen bidez egiten da, horretarako militarren eta polizien zerbitzuak baliatzeaz gain, estatuak ordaindutako erakunde kriminal antolatuak ere erabiliz; izan ere, Turkiako mafiak erailketa politikoetan parte hartzearen historia bat ere badu. Gauzak okertu ere egin dira. Turkiar mafiako buruzagi doilor baten testigantza batek berriki erakutsi duen bezala, turkiar mafiak loturak ditu turkiar inteligentziarekin (MIT), herrialdeko defentsa erakundearekin, eta Turkiako Segurtasun Nazionaleko Kontseilu ahaltsuarekin.

Erdogan, bitartean, probokatu gabeko eraso militarreko kanpainak ari da egiten Siriako eta Irakeko kurduen kontra. Izan ere, ezagun egin da Erdoganen gobernantza estiloa. Turkiako egoera ekonomikoak behera egiten duenean, kurduen kontrako gerra hasteko ordua izaten da, hala mugen barnean nola kanpoan. Hori bide da herritarrak gobernuaren porrotetatik uxatzeko modu egokiena.

Turkiak herritar kurduen kontra egin dituen krimenak, biziki absurduak, izugarriak eta gogorrak, benetako beldurrezko istorioak dira, sinesteko zailak izateraino. Hain zuzen, identitate kurduaren, munduko estaturik gabeko nazio handienaren ukapena eta pertsekuzio latza Turkiaren estatu identitatearen eta ideologiaren oinarriak dira, eta Turkiako Errepublikaren iragan, orainaldi eta, segur aski, etorkizuneko zati.

Kurduen pertsekuzioak ez du parerik Europa garaikidean, baina Mendebaldeko botereek isiltasunaz babesten dute, eta jarraitu egiten dute Turkiari laguntza ekonomikoa eta militarra hornitzen. Kurduek ez dute laguntzarik, ez eskualdean, ez nazioartean. “Lagunik ez, mendiak izan ezik” artean indar osoa duen esaera zahar kurdu bat da.

Hargatik, artikulu hau iruzkin positibo batez amaitu nahiko nuke. Turkiako kurduen kinka gertutik jarraitu duten behatzaile atzerritar guztiak bat datoz esatean kurduek “inoiz itzaliko ez den sugarra” dutela. Herri kurduak errepresio gogorra eta bidegabekeria handiak jasanagatik, gogo irmoa agertzen du. Nazioarteko komunitatea ohartu behar da kurduek jarraitu egingo dutela altxatzen eta beren identitatearen eta autodeterminazio eskubidearen alde borrokatzen.