HITZALDI ZIKLOA 2025-2026: EUSKARA BIDEGURUTZEAN

Iazko hitzaldi-ziklo arrakastatsuaren ostean (“Abertzaleak”), 2025-2026 ikasturterako ekimena errepikatu nahi izan dugu euskara ikergai hartuta. Gure jarraitzaileek ondo dakitenez, euskara baita gure abertzaletasunaren ardatza, nazio euskaldunaren oinarria. Sarritan aipatu dugunez, euskal nazioaren etorkizuna guk euskararen etorkizunari guztiz lotuta dakusagu: euskara indartzen baldin bada, pultsu nazionala ere indartuko dugu.

Euskara bidegurutzean” hitzaldi-zikloaren bidez gure hizkuntzaren egoera, hitzaren zentzu zabalean, ezagutu eta ezagutarazi nahi izan dugu; euskarak gaur dituen indarguneak eta ahulguneak, erronkak, mehatxuak eta aukerak, globalizazio kulturalaren garaian. Horretarako, izen handiko adituak gonbidatu genituen hitzaldi-ziklo honetara. Haiek lagundu digute gure hizkuntza‑testuingurua hobeto ulertzen eta testuinguru hori hobetzeko aurrean ditugun egundoko erronkak ikusten.

Bestalde, hitzaldiak arlo deskribatzaile hutsetik harago joan zitezen saiatu gara, helburua ez baita gure hizkuntzaren egoera ezagutzea soilik, euskararen erabilera indartzeko eta bere ahulguneak gainditzeko proposamen zehatzak ere entzutea baizik.

Behin baino gehiagotan agertu da “hizkuntza-larrialdiaren” kontzeptua hitzaldietan. Gure hizkuntza, zalantzarik gabe, inflexio-puntu batean dagoelako, eta azken hamarkadetan irabazi duguna galtzeko arriskuan dagoelako hizkuntza-politiketan eta gizartearen aktibazioan taxuzko aldaketak gauzatzen ez baldin badira. “Esnatu ala hil”, Iñaki Iurrebasoren eta Garikoitz Goikoetxearen liburu arrakastatsuaren izenburuak argi adierazten du erreakzio handi horren beharra.

Lau hitzaldik eta mahai-inguru batek osatu dute hitzaldi‑zikloa. 2026ko urtarrilean, Jon Sarasuak euskararen biziberritze‑prozesurako gako nagusiak aipatu zizkigun. Ipar Euskal Herriko euskalgintzaren erronkak ezagutu genituen Amande Aninen eskutik otsailean. Martxoan, Miren Segurolak UEMAko egoera, helburuak eta kezkak azaldu zizkigun. Apirileko mahai-inguruan, euskara eta immigrazioari buruzko solasaldi mamitsua izan zuten Xabier Aierdik, Karmelo Landak eta Jon Sarasuak. Eta azkenik maiatzeko hitzaldian Kike Amonarrizek Tolosako hizkuntza‑bilakaera arrakastatsuaren gakoak azaldu dizkigu.

Azpimarratzekoa da ziklo honek izan duen harrera ona, aretoa lepo bete baita ekitaldi guztietan. Azpeitira etortzeko aukera izan ez duzuenok hemen dituzue ikusgai hitzaldien eta mahai­‑inguruaren bideo guztiak.